Kulturgintza

“Gizakia, hizkuntza erabiltzen ikasi bezain laster, bere irudimenaren emaitzak plazaratzen hasiko zen segur aski. Halaxe ipuinak, istorioak, esaerak, kantak eta bertsoak sortuz, paregabeko tresna den hizkuntzarekin jolasten zuen…”. (Xamar)

Kulturak adierazpide ugari du gure jendartean eta denok gara kulturaren sortzaile edota hartzaile. Agerkera horietako askotan hitza izaten da sortzaile eta hartzaileak lotzen dituen heste nagusia, eta harreman horretan aurkitzen dute hizkuntzak eta hiztunek elkarrengandik elikatzeko aukera. Hori dela eta, Euskara Elkarteek esparru hori jorratzen dute, kultur ikuskizunak eskainiz eta sormena sustatuz, finean, hizkuntza eta hiztunari elkartzeko une eta gune goxoak eskainiz.

HELBURUAK

  • TOPAGUNEAren kide diren Euskara Elkarteetan Kulturgintza Sailak sustatzea.
  • TOPAGUNEAren kide diren Euskara Elkarteen Kulturgintza Sailei kultur ibilbide koordinatuak eta bestelako zerbitzuak eskaintzea.

EGITURA

Federazioaren kide izan eta bertatik egiten den eskaintza erabiltzen duten elkarteak hartzen ditu jomuga TOPAGUNEAren Kulturgintza Sailak. Horien kultur arloen eginkizuna sustatzea du helburu.

Horretarako, teknikaria eta batzordea dauzka. Kultura Batzordea zazpi Euskara Elkarteren ordezkariez osatuta dago eta bere eginkizunak honakoak dira: Federazioak zehazturiko ildo eta helburu orokorrak oinarri hartuta, urteko plangintza egitea eta horren gauzatzearen jarraipena egitea.

Hileroko maiztasunez biltzen den Kultura Batzordeaz gain, urtean behin ohiko Kulturgintzaren Batzar Orokorra biltzen da, jardueraren balantzea eta plangintzaren onarpena egiteko nagusiak izanik.

DIMENTSIOA

TOPAGUNEAren Kulturgintza Sailaren jarduera adierazten duten zenbait datu orokor:

  • Euskara Elkarteek kultur arlo gehienetako 113 ikuskizun baino gehiago dute aukeran, euren jarduera antolatzeko.
  • Sailak kudeatzen dituen kultur zirkuituak kontuan hartuta, 2005. urtean 305 kultur ekitaldi antolatu zituen.
  • Aipaturiko emanaldiak 85 herri eta 95 kultur tokitan eskaini ziren.
  • Aipatutako 305 emanaldi horietan, 22.000 ikusletik gora bildu zen.

‚Äč