Laudioko Basalarrina, Artziniegako Euskara Taldea, Aiarako Hogeitalau eta Baranbioko Belaiki euskara elkarteek, Topagunearekin batera,formatu txikiko kultur zirkuitua antolatu dute datozen asteotarako. Elkarteek aurten antolatzen duten bigarren kultur zirkuitua da, udaberrian egindakoaren ostean. Eskualde zirkuituon asmo nagusietako bat hurbil dauden euskara elkarteen kultur programazioa koordinatzea da, eskaintza bateratua eratuz, emanaldiak elkarren aberasgarri izan daitezen.
Esan bezala, Aiaraldeko kultur zirkuitu hau eskualdeko Euskara Elkarteek aurten antolatzen duten bigarrena da. Izan ere, martxoa-apirilean ere bederatzi emanaldiz osatutako programa bateratua eskaini zuten elkarteek. Bigarren zirkuitu honek udaberrikoak baino hedapen zabalagoa izango du gainera, Artziniegako Euskara Taldeak ekimena herri horretara ere zabaltzeko ardura hartu baitu.
Eskaintzari dagokionez, sei emanaldik osatuko dute zirkuitua, haurrentzako ikuskizunak ardatz hartuta. Egutegi zehatza eta ikuskizunen laburpenak ondoko orrietan aurki daitezke.