Hiru ekimen berri GAZTEZULOren eskutik

GAZTEZULO aldizkariko lagunek gogotsu ekin diote ikasturte berriari, eta hiru ekimen berri abiatu dituzte uda amaitzearekin batera:

II. GAZTEZULO BIDEO LEHIAKETA

Iazko esperientzia bikainaren ostean, bideo lehiaketaren bigarren edizioa abiatu du Gaztezulok, iazko lelo berdinarekin: HI ETA HIRE MUNDUAK. Nolakoa da zure edo zuen mundua? Zertan ematen duzu(e) denbora? Zerk definitzen zaitu(zte)? Horiexek dira parte hartzaile guztiei luzatutako galderak.

Gaia zabala da, nork har dezala nahiago duen erara, eta islatu dezala kontatu nahi duen hori gutxienez minutu bateko eta gehienez hiru minutuko bideo labur batean, euskaraz. Informazio gehiago behar izanez gero, lehiaketaren webgunera jo.

II. GAZTEZULO SARIA

Bideo lehiaketarekin gertatu bezala, kasu honetan ere, iaz lehenengoa antolatu izanak bigarrena eskatzen zuen: 2011 urtean zehar egindako lana kontuan harturik, zein euskal gaztek merezi du II. Gaztezulo Saria?

Aktorea izan daiteke, idazlea, margolaria, bidaiaria, musikaria, politikaria, zientzialaria, diseinatzailea, kirolaria… edozein delarik ere bere esparrua… Dagoeneko ari dira zenbait izen nabarmentzen: Maialen Lujanbio, Patxi Gallego, Arnaldo Otegi, Uxue Alberdi…

Gaztezulo.com webguneko Eztabaidagunea izeneko atalean ari dira proposamenak jasotzen, botoak biltzen eta iritziak partekatzen. Bozkatzeko epea urriaren 28an amaituko da eta orduan Home Cinema bikain bat zozkatuko dute parte hartu duten guztien artean.

Ondoren, botoa eman dutenen izenean, garaikurra jasoko du II. Gaztezulo Sariaren irabazleak, eta bideo-erreportaje bat grabatuko ddute GAZTEZULOko lagunek berarekin –iazko irabazlearekin, Gorka Urbizurekin, egin bezala–

 

EUSKARAZKO KANTURIK GUSTUKOENA 2000-2010

Azken hamarkadako (2000tik 2010era, biak barne) euskarazko kanturik gustukoenaren bila gabiltza. Zein da zurea? Rocka, jazza, rapa, funkya, folka, trikitixa… edozein mota eta estilotako musikak balio du, euskarazkoa (euskaraz abestua) bada behintzat. Gogoratu, gustukoena bilatzen ari gara, hortaz, ez dugu esan nahi ranking honetan gailenduko den lana hamarkadako onena izango denik, gauza desberdinak dira!

Gaztezulo.com-eko Eztabaidagunea atalean prestatu dugu proposamenak, botoak eta iruzkinak jasotzeko gunea. Proposatu zurea eta arrazoitu aukeraketa!

 

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


*