Bilgune Feministak Emakumeok Plazara proiektua aurkeztuko du bihar

Emakumeok Plazara kartela
Bilgune Feministak
bihar aurkeztuko du Emakumeok Plazara proiektua eta haren webgune berria. Egitasmoaren helburu nagusiak emakume sortzaileei espazioa eskaintzea da, batetik, eta bestetik bilaketa errazak egiteko tresna eskuragarria eskaintzea. Proiektuaren jendaurreko aurkezpena Donostiako Dokan izango da bihar, ekainak 10, 19:30etan. Hona Bilguneko lagunek horren harira bidalitako oharra:

Urte askotan emakumeok oztopo ugari izan ditugu kultur eremuan parte hartzeko. Lanaldi bikoitzak edota guk egindako lanei garrantzia gutxiago eman izanak kultur arloan ere bigarren plano batera zokoratu gaitu. Egoera hau gainditzeko beste pauso txiki bat dugu proiektu hau: Emakumeok Plazara.

emakumeokplazara.org orriak aukera anitzak eskaintzen ditu. Kultur eremuan espazio ugaritan parte hartzen duten emakumeen (antzerkilariak, musikariak, ipuin kontalariak, margolariak, bertsolariak…) baliabide zerrenda izan nahi du. Honela, kultur eragile, festa batzorde, eta abarrek bertara jo ahal izango dute beraien egitarauak osatzeko. Talde eta norbanakoen deskribapen eta kontaktuak eskaintzeaz gain, erakusketa birtualak, agenda eta ikuspegi feministatik kulturari buruz sortutako dokumentuek ere bere espazioa dute.

Baina proiektu hau aurrera eramateko zure laguntza ere behar dugu. Emakumeak bertan apuntatzea guztiz beharrezkoa da zerrenda aberatsa izan dezagun. Horretarako, web orrian sartu eta apuntatzeko fitxa bete edo info@emakumeokplazara.org helbidera idatzi besterik ez duzu egin behar. Bete beharreko baldintza bakarra emakumea izan edota apuntatu nahi duzun taldea mistoa izatea da. Ikuspegi feministatik burututako lanek ere badute lekua nahiz eta emakumeak ez izan.

Proiektuaren aurkezpena ekainaren 10ean arratsaldeko 19:30etan Donostiako Doka Kafe Antzokian izango da. Aurkezle bikain eta alai batek zuzenduko du arratseko emanaldi hau. Bertan, Ainbat talde arrasatearra eta Sorkun abeslaria izango ditugu gurekin. Azken honek era akustikoan antolatutako emanaldiarekin alaituko gaitu. Azkenik afari merienda goxo batekin itxiko dugu eguna.

 

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


*