Mintzapraktika egitasmoak garatzeko hitzarmena sinatu dute Oionen IKAk eta Topaguneak

Ika / topagunea 1OION, 2009/06/29.- IKA euskaltegien koordinakundeak eta Topagunea Euskara Elkarteen Federazioak hitzarmena sinatu dute gaur, ekainak 29, Oionen. Nafarroako eta Arabako zenbait eskualdetan euskara elkarteen eta euskaltegien artean dagoen harremana babestu eta sendotzeko egindako hitzarmena da IKAren izenean Andoni Landak Topagunearen izenean Jasone Mendizabalek sinatu dutena.

Arabar Errioxa aukeratu dute erakundeok beraien hitzarmena sinatzeko, eskualde horretako Mintzalagun egitasmoa IKA euskaltegia eta bertako euskara elkartearen arteko harremanetik sortutakoa da eta. Bigarren urtez martxan dagoen egitasmo honen garrantzia azpimarratu nahi izan dute erakunde biek Oionen egindako ekitaldian.

Mintzapraktika egitasmoetan jarduera eta helburu ezberdinetako erakunde eta gizarte eragileen artean dagoen elkarlana azpimarratu dute IKAren eta Topagunearen ordezkariek ekitaldian, Mintzalagun eta Mintzakide egitasmoak adibide modura jarriz. Izan ere, Arabar Errioxa, Gasteiz eta Iruñerrian martxan dauden eta biek parte hartzen duten egitasmoak parte hartze zabalaren eta arrakastaren adibide baitira. Oso ezaugarri ezberdinetako eskualdeak izanik, mintzapraktika egitasmoek euskaldunon sareak egituratzeko duten garrantzia nabarmena da aipatutako eremuetan. Euskal Herri osoan dauden 2.600 mintzalagunek egitasmoak azken urteetan izandako zabalpenaren erakusle dutela aipatu dute halaber sinatzaileek.

Hitzarmenaren bidez, erakunde biek egitasmo berriak martxan jartzeko lan egiteko konpromisoa hartu dute, baita beste eragile eta erakundeekin elkarlanean jarduteko ere. Gainera, martxan dauden egitasmoak indartu eta hedatzeko komunikazioa, prestakuntza eta ekintza osagarriak bultzatuko dituztela adierazi dute Landak eta Mendizabalek.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


*